XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ez da Joxe Bernardok kantatzen zuen eztei-kanta bera, beste auzo urruti batetik etorri baitzen Joxepa Antonirengana, baina hogeita lau ziren, behintzat, bi kantuetako gonbidatuak: ezkonberriak, haien guraso eta senideak, erretore jauna, eta auzoko Pantxikoa alarguna...


Hau ta hau ezkondu
hau ta hori konbidadu.
Honek eta harek esan dutela
ez dela hau ta bai dela hau
hemen ez badaude hogeitalau
Pantxikoari (...ri) kokota pikau.

Haurrak protesta egin du, gosetu egin baita hainbeste kanturekin.

Amonari begiratu dio: eztei honetan ez al da bazkaltzen, ala? Amonak hatzak hartu dizkio berriro:

- Honek arrautza bilatu, honek sutan paratu, honek gatza eman, honek pixka bat probatu, pikaro gaizto honek den-dena jan.

Beste era batera esaten zuen aitona Bernardok, pipaldi ugariek zakartutako ahots erretxinaz:

- Honek txotxak batu, honek sua egin, honek lapikoa ipini, honek pittin bat dastatu, eta honek... motzako honek guztia gurkatu.

Bazkari ederra egin eta gero, kax-kax jo du amonak mutikoaren buru gainean.

Sudurrera eraman du, gero, hazkozkorra, eta usain egin dio.

Usaina berezi nahian luzaz egon eta gero, garaipen-oihua atera zaio amonari:

- Badakit! Ahia jan duzu!

Une hartan trikitixa baten hotsak dardaratu du airea, eta amona dantza-lagun baten bila hasi da haurraren hatz artean.

Lehengoa ez zaio gehiegi atsegin:

- Lehenengotxu hori, punta-behatz hori, beste guztien artean, lodia duk hori. La-ran-la-ran-la-ran...

Bizkorra iruditu zaio bigarrentxo dantzaria; luzea hirugarrentxoa; lerdoa laugarrentxoa, eta txatxarra bostgarrentxoa.

Joxe Bernardo ere hor ibiltzen zen, bere auzoko soinu baten airera, dantza-lagun egoki baten bila, baina alferrik:

- Lehendabiziko hori, txoporren hori, beste guztiak baino txoporragoa duk hori, txingilingi txongi...